“Garai konplexuak eta zalantzazkoak bizitzen ari gara”
Garai konplexuak eta ziurtasunik gabeak bizi ditugu. Gero eta bizkorrago gertatzen da dena. Epe laburraren mende bizi gara, eta ez epe luzearen ikuspegi lasaian; “edukitzeko” grina dugu, “izateko” helburu sakonaren ordez; eta nor bereaz kezkatzen da gero eta gehiago, ahulenen aldeko enpatia soziala eduki ordez, sorlekua edozein dutela ere.
«Etorkizuna nola sortzen dugun birpentsatu behar dugu»
Etorkizuna nola sortzen ari garen birpentsatzeko momentua da. Eta horretarako, gure ustez funtsezko bi elementu daude gizarte bidezkoagoak eta garatuagoak eraikitzeko: kultura eta enpatia. Bi osagai horiek duintzen dituzte gizakiak, eta zientziaren aurrerapenetan oinarrituz gizatiartutako garapen bat dakarte. Azken batean, hobe deritzogun mundu bat.
Fair Saturday, bada, helburu horri ekarpena egin nahi dion ideia txiki bat da. Pentsaraztea eta onuragarria izatea du asmo bakarra, eta bi bitarteko ditu horretarako: batetik, kultura, eta bestetik, etorkizun hobea eraikitzeaz arduratu nahi duten herritarren gogoa.
«Fair Saturday, gizartean eragiteko kultur mugimendu globala»
Zehazki, gizartean eta kulturan eragiteko kultur mugimendu bat da Fair Saturday. Azaroaren azken larunbatean egiten da urtero, Black Friday egunaren ondoren: hain zuzen, kontsumismoaren adierazgarri handienaren biharamunean. Mundu osoko artistak eta erakunde kulturalak biltzen dira jaialdi global batean, baldintza bakar batekin: ekitaldiaren bitartez, beren aukerako proiektu sozial edo proiektu kultural bat sustatu behar dute. Nola?
- Jendearen aurrean erakutsiz harro daudela egiten duten lanaz.
- Ikus-entzuleei proiektuaren lana ezagutaraziz, beren kanalen bitartez eta ekitaldia baino minutu batzuk lehenago.
- Aukeratu duten proiektuarentzako funtsak sortuz, ekitaldian sortutako baliotik (sarrerak, dohaintzak, eta abar) zati bat emanda, askatasunez eta borondatez.
«Artista, erakunde kultural eta proiektu sozial ugarik egiten dute bat, munduko leku askotan»
2014an sortu zenetik, ehunka artista, erakunde kultural eta proiektu sozial batu dira mugimendura.
2019. urtean, 850 ekitaldi baino gehiago egin ziren, 150 hiritan, eta 200.000 ikus-entzule baino gehiago bildu zituzten.
Dagoeneko mundu osoko hainbat hirik eta eskualdek hartu dute azaroaren azken asteburuan Fair Saturday sustatzeko erabakia. Eta etorkizunean askoz gehiago izango direla espero dugu, edo hobe esanda, horretarako lan egingo dugu.
Laburbilduz, Fair Saturday giza eskubideak aintzat hartzen dituen ekimen positibo, independente eta apolitiko bat da, urtero, azaroaren azken larunbatean, gizartean eragiteko mugimendu global bat sortu nahi duena.
Egun bat. Kultura. Aldaketa. Animatzen zara?
Fair Saturday, artearen eta kulturaren bidez gizartea hobetzeko eguna.
Fair Saturday, Antonio Garrigues
Ideia ona eta sakona eta onuragarria eta alaia da. Gazteek eta gogoz gazte sentitzen direnek berezko duten ideia bat da. Eta haiek jarri dute martxan. Kulturaren balioa, garrantzia eta grazia aurkitzea da kontua, eta hori guztia arduratsu izan nahi duten herritar batzuen kultura-grina amaigabearekin lotzea. Black Friday egunak baditu bere zera, bere nolakotasuna eta bere izateko arrazoia. Ezin hobeki kontrolatu du kontsumoaren bertigoa, eta eraginkortasun miragarriz eta izugarriz manipulatzen du. Ahalegin txikia –oso txikia– eginez hartu du bere lekua. Korronte geldiezin baten alde egiten du, eta zer daukagun eta zer garen nahastea lortzen du gehien-gehienetan. Sukar zentzugabe hori ere gizakiaren parte da. Fair Saturday mugimenduak horixe egin nahi du, baina bere modura eta beste helburu eta manera batzuekin. Bestelako “habitatak” bete nahi ditu: sentimenduak, sentsazioak, ideiak, esperantzak eta dagoeneko bertan behera edo alde batera utzi ezin diren amets jakin batzuk. Eta horretarako bidea erraza da. Egun batez, kultura-ekitaldiekin betetzea gune guztiak, arnasa hartzeko eta bestelako aire batzuez elikatzeko premian dauden hiri batzuetako txoko libre guztiak. Urtero, azaroko azken larunbatean, elkarrekin amesteko eskubidea izango dugu. Abesbatzak, grafitilariak, musika taldeak, antzezlanak, museoak, margolariak, ipuin-kontalariak, poetak, sopranoak, argazkilariak, dantzariak, dantza-eskolak… amateur nahiz profesional, publiko nahiz pribatu, hango nahiz hemengo, bateko zein besteko, gazte nahiz beterano. Abian jarriko dira eta inork ezingo ditu gelditu. Hainbat tokitako artistak eta erakunde kulturalak arian, ekitaldi bakoitzaren bidez aukeratu duten kausa soziala sustatzen. Bazterrak hunkituko ditu, eta argi eta garbi erakutsiko du –beharbada behin betiko erakutsi ere– aurre egin dakiekeela arrunkeriari, hertsikeriari, diruzalekeriari, errutinari eta ergelkeriari. Azkenean, sinbolo distiratsu bihurtuko da Fair Saturday jaialdia; demokrazia duintzeko, benetako aberastasuna sortzeko eta etorkizun gizatiarra lortu ahal izateko konponbide bakarra kultura den seinale. Eta azkenean, abentura honen hasieran –merezi duten abentura guztietan bezala– erabat ezinezkoa zirudien zerbait lortua izango dute gazteek eta gogoz gazte sentitzen direnek.